AURRETIAZKO AITORPENA

Lanbide-morala arau moralak lanbidean aplikatzea baino ez da, Lege Naturala izaki arrazionaletan Betiereko Legea aplikatzea baino ez den bezala. Deontologia erizainen jarduera gidatzen duen betebehar-multzoa da.

I. KAPITULUA

APLIKAZIO-EREMUA

1. artikulua

Elkargoetan inskribatutako erizain guztiek bete behar dituzte Kode honen xedapenak, beren jarduera-modalitatea edozein dela ere (askea, osasun publikoa, zentro pribatuak, etab.). Aplikaziokoak izango dira, halaber, nazioarteko hitzarmenen edo kontratuen bidez Espainian jarduten lan egiten duten atzerritarrentzat.

2. artikulua

Kontseilu Orokorraren eta elkargoen lehentasunetako bat da dagokien eremuko elkargokideen jarduera arautzea, etika eta lanbide-duintasuna bermatuz eta gaixoen eskubideak eta duintasuna errespetatuz.

3. artikulua

Aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, Kontseilu Orokorraren eta elkargoen funtsezko eginkizuna da Kode honetan jasotako betebehar deontologikoak sustatzea eta betearaztea.


II. KAPITULUA

ERIZAINTZA ETA GIZAKIA ERIZAINEN BETEBEHARRAK

4. artikulua

Erizainak onartzen du askatasuna, berdintasuna eta duintasuna gizaki guztion eskubideak direla eta Espainiar Konstituzioak eta Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalak bermatzen dituztela.

Horregatik, erizainak adeitasunez artatu behar ditu gizaki guztiak, haien arraza, sexua, adina, erlijioa, nazionalitatea, iritzi politikoa, jatorri soziala edo osasun-egoera edozein dela ere.

5. artikulua

Ondorioz, erizainek tratu iraingarrien eta apalgarrien edo duintasun pertsonala kaltetzen duten erasoen kontra babestu behar dute gaixoa, beren zaintzapean dagoen bitartean.

6. artikulua

Beren funtzioak betetzean, erizainek gaixoaren askatasuna errespetatu behar dute, jasotzen duen arreta aukeratzeari eta kontrolatzeari dagokionez.

7. artikulua

Erizainak gaixoaren baimena eman eduki behar du beti, edozer egin aurretik. Izan ere, pertsona orok du jasotzen duen arretan modu askean parte hartzeko eskubide morala, baliozko eran adieraziz gero.

8. artikulua

Gaixoa baimena emateko moduko egoera fisikoan eta psikikoan ez badago, erizainak haren senideei edo hurbilekoei eskatuko die.

9. artikulua

Erizainak ez du inoiz indar fisikoa edo morala erabiliko gaixoaren baimena lortzeko, eta beste batzuek hala jardutea ekidingo du. Horrelakorik gertatuko balitz, osasun-autoritateei eta dagokion Lanbide Elkargoari jakinarazi behar dio berehalakoan.

10. artikulua

Erizainaren erantzukizuna da gaixoa jakinaren gainean mantentzea, modu askean zein osasun-erakundeen barruan lan egiten duenean. Horretarako, erizainak hizkera argia erabiliko du, gaixoak ulertzeko modukoa.

11. artikulua

Aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, erizaina egiazkotasunez mintzatuko da gaixoarekin, dagozkion eginkizunen barruan. Informazioaren edukia erizainaren eskumenetatik kanpo badago, osasun-kide egokiago batek jakinaraziko dio.

12. artikulua

Erizainak gaixoaren egoera fisikoa eta psikologikoa balioetsiko du, unean duen edo izan dezakeen osasun-egoerari buruz informatu aurretik, kontuan izanik gaixoa informazioa ulertzeko edo onartzeko gai den eta haren inguruko erabakiak bere kabuz hartzeko baldintzetan dagoen.

13. artikulua

Erizainak uste badu gaixoa ez dagoela prest eskatutako informazioa jasotzeko, senideei edo hurbilekoei azalduko die.


III. KAPITULUA

GAIXOEN ETA ERIZAINTZAKO LANGILEEN ESKUBIDEAK

14. artikulua

Gizaki orok du bizitzeko, segurtasuna izateko eta bere osasuna babesteko eskubidea. Inork ezin du haren bizitza pribatuan, familian edo etxean bidegabeko esku-hartzerik egin.

15. artikulua

Erizainak tratamendu zuzena eta egokia ziurtatu eta emango dio behar duen pertsona orori, edozein gaixotasun, adin edo egoera dutela ere.

16. artikulua

Jarduterakoan, erizainak kontuan izango du bizitza oinarrizko eskubidea dela, eta, beraz, ez du eskubide hori kalte edo suntsi dezaketen ekintzarik gauzatuko.

17. artikulua

Erizainak ezingo du bere zaintzapean dauden gaixoekin ikerketa zientifikorik edo tratamendu esperimentalik egin, gaixoaren edo haren ahaideen edo arduradunen aurretiko baimen askerik ez badu.

18. artikulua

Gaixo terminalen kasuan, erizainak, zainketa aringarrien kalitate profesional altua kontuan izanik, sufrimendua arintzeko zaintzak eskainiko dizkio gaixoari, eraginkortasunez eta errukiz, haren bizitzaren amaierara arte. Halaber, senideei heriotza onartzen lagunduko die, ekidinezina denean.

19. artikulua

Erizainak isilpean gordeko du lana gauzatzean gaixoari buruz lortu duen informazioa.

20. artikulua

Erizainak isiltasun profesionalaren mugen berri emango dio gaixoari eta ez du txarrekoak diren edo hirugarren bat edo ondasun publikoak kalte ditzaketen konpromisorik hartuko sekretupean.

21. artikulua

Lege-arrazoiak direla medio, erizainak isiltasun profesionala hautsi behar badu, ezin du ahaztu moralki gaixoaren duintasuna mantentzea izan behar dela haren lehentasuna, eta ahalik eta informazio gutxien ematen eta ahalik eta pertsona gutxienei jakinarazten saiatuko da.

22. artikulua

Espainiako Konstituzioaren 16.1. artikuluan xedatutakoaren arabera, erizainak kontzientzia-objekzioa egin dezake, kasu zehatz bakoitzean hala adierazita. Kontseilu Orokorrak eta elkargoek bermatuko dute erizainek ez dutela diskriminaziorik edo kalterik jasaten eskubide hori gauzatzeagatik.


IV. KAPITULUA

ERIZAINA GIZARTEAREN AURREAN

23. artikulua

Erizainek lagundu behar dute ingurumenak gizakiaren osasunean eragiten dituen kalteak antzematen.

24. artikulua

Erizainek informatuta egon behar dute ingurumen-arriskuen kontrako prebentzio-neurriei eta eskura dauden baliabideen kontserbazioari buruz, eta gai izan behar dute horien inguruan informatzeko.

25. artikulua

Bere lana betetzean, erizainak kutsatzaileen ondorio ekologikoak ezagutu, aztertu, erregistratu eta jakinarazi behar ditu, eta baita gizakiengan dituzten ondorio kaltegarriak ere, hartu beharreko prebentzio-neurriak eta/edo neurri sendagarriak erabakitzen laguntzeko.

26. artikulua

Erizainak, dagozkion eginkizunen artean, osasunari buruzko heziketa eman behar du, ingurumen-arazoei buruzko kontzientzia osasuntsu bat sortzen laguntzeko.

27. artikulua

Erizainek osasun-agintariekin lankidetzan jardun behar dute ingurumena kontrolatzeko jardueren plangintzan, komunitatearen osasun-arreta hobetzeko.

28. artikulua

Erizainek parte hartuko dute komunitateak bere osasun-arazoei buruz egiten edo garatzen dituen ekintzetan.

29. artikulua

Erizainak industriak eta bestelako giza jarduerek eragiten dituzten elementu kimikoen, biologikoen edo fisikoen eragina murrizteko programetan parte hartu behar du, biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.

30. artikulua

Erizainak parte hartuko du ikerkuntza epidemiologikoak eta esperimentalak garatzen dituzten taldeetan, bizi-kalitatearen hobekuntzan eta lanean eragina izan dezaketen ingurumen-arriskuei buruzko informazioa biltzeko, ekintzak zehaztuz eta erizaintzaren esku-hartzearen ondorioak ebaluatuz.


V. KAPITULUA

OSASUNA ETA GIZARTE-ONGIZATEA SUSTATZEA

31. artikulua

Erizaintzako langileek osasunaren sustapenean lagundu behar dute, eta beren ezagutza zientifikoak eta jarrera etikoa jarri behar dituzte helburu horrekin aurreikusten diren programen garapenaren zerbitzura.

32. artikulua

Osasuna sustatzeko proiektuek eta programek gizarte-taldearen osotasuna errespetatu behar dute, maila soziokulturalen eta ekonomikoen aniztasun handia aintzat hartuta.

33. artikulua

Erizaintzako langileek osasunaren sustapenean parte hartzeko eskubidea aitortuko diote gizarte-taldeari, eta dagozkion erabakietan parte hartzeko aukera emango diote.

34. artikulua

Erizainak justizia sozialaren printzipioa jarraituko du, alegia, premia handiagoa duenari gehiago ematea, osasunaren sustapenerako programak ezartzerakoan eta eskura dauden baliabideak banatzerakoan. Justizia sozialaren kontzeptuak paternalismotik haraindi daude.


VI. KAPITULUA

ERIZAINTZA ETA URRITU FISIKO, PSIKIKO ETA EZINDUAK

35. artikulua

Urritu fisikoek, psikikoek eta ezinduek eskubide publikoa dute gizarteratzeko eta berregokitzeko, eta erizainek beren lanbide-ezagutzak eta zainketa-gaitasunak jarriko dituzte haien zerbitzura, banaka edo beste profesionalekin lankidetzan ezgaitasunaren zio nagusiak identifikatzeko, horiek prebenitu, sendatu edo birgaitzeko asmoz.

36. artikulua

Halaber, lankidetzan aritu behar dute ezinduei eta desgaituei prebentzio- eta arreta-zerbitzuak ematea helburu duten organismoekin, erakundeekin edo elkarteekin.

37. artikulua

Era berean, komunitatearen heziketan eta prestakuntzan lagundu behar dute, desgaitasunak edo ezintasunak dituzten kideak integratzeko, eta komunitatearen bitartez gizarteratzeko.


ERIZAINA ETA HAURREN ESKUBIDEA OSASUNTSU ETA DUINTASUNEZ HAZTEKO, BETEBEHAR ETIKO ETA GIZARTE-ERANTZUKIZUN GISA

38. artikulua

Erizainek, beren jardunean, haurren eskubideak babestu behar dituzte.

39. artikulua

Erizainak haurrak babestuko ditu gehiegikerien aurka. Halaber, horrelakoen berri izatekotan, agintari eskudunen aurrean salatuko ditu.

40. artikulua

Erizainak familiaren osasuna eta ongizatea sustatuko ditu, familia-nukleo horretako haurrak maitatuak, babestuak eta zainduak izan daitezen, eta, horrela, osasuntsu eta duintasunez haz daitezen.

41. artikulua

Erizainak, bere jardunaren bitartez eta ahal duen heinean, haur guztiek elikagai, etxebizitza eta hezkuntza egokiak izan ditzaten eta osasun-zainketa prebentiboak eta sendagarriak jaso ditzaten saiatuko da.

42. artikulua

Erizainak behar bereziak dituzten haurrentzako babesa eta zaintzak areagotzen lagunduko du, ez dezaten txartu txarrik eta esplotaziorik jasan. Halaber, abandonatutako haurren birgizarteratzea edo adopzioa bultzatuko du.


ERIZAINTZA ETA ZAHARTZARO DUINA, OSASUNTSUA ETA ZORIONTSUA IZATEKO ESKUBIDEA, GIZARTEAREN GARAPEN HARMONIATSUARI EGINDAKO EKARPEN ETIKO ETA SOZIAL GISA

43. artikulua

Erizainek osasun-arreta eman behar diote gaixo nahiz osasuntsu dagoen adinekoari, haren independentzia mantentzeko eta haren burua zaintzen duela sustatzeko, modu horretan, bizi-kalitatea hobetzen duela bermatuz.

44. artikulua

Dagokion gaitasun profesionalaren eremuan, erizainaren erantzukizuna izango da osasunerako hezkuntza-programak antolatzea adinekoentzat.

45. artikulua

Erizainek osasun-politikan eragin behar dute, beharra duten adinekoek osasun-arreta ona eta gizatiarra jaso dezaten. Arreta erabatekoa izango da, eta zenbait neurri bilduko ditu; hala nola, etxebizitza egokitzea eta aisialdiko jarduerak adinekoen eskura jartzea.

46. artikulua

Erizainak adinekoentzako erabateko erizaintza-arreta jaso behar du bere hezkuntza-programetan.


CAPÍTULO IX

ERIZAINA, PERTSONA OROK ASKATASUNERAKO, SEGURTASUNERAKO ETA GIZAKI GISA AITORTUA, TRATATUA ETA ERRESPETATUA IZATEKO DUEN ESKUBIDEAREN AURREAN

47. artikulua

Erizainek hirugarrenek presio egitea erabat errefusatu behar dute, presio horren helburua denean haien ezagutza edo abileziak gizakien kaltetan erabil ditzatela.

48. artikulua

Aurreko artikuluan aipatutako egoera gertatzen bada, erizainak kasua salatu behar du bere elkargoan, lanbidearen oinarri etikoen defentsan. Beharrezkoa izanez gero, erizainak, Kontseilu Orokorraren bitartez, adierazitako irregulartasunen berri eman beharko die agintariei eta gizarteari, eta kasuaren arabera beharrezkoak diren premiazko neurriak hartuko ditu, ordena etikoa berrezartzeko eta elkargokideen duintasuna eta askatasuna defendatzeko.

49. artikulua

Erizainek ezingo dute gizakiei sufrimendua eragiten dieten saioetan edo tortura-ekintzetan parte hartu, erabilitako metodoa edozein dela ere.

50. artikulua

Larrialdietan, erizainak nahitaez eman beharko dio laguntza profesionala zaurituari edo gaixoari. Hondamendietan, osasun-laguntzarako programak koordinatzen dituzten pertsonen eskura jarri beharko dute beren burua, borondatez.

51. artikulua

Erizaina dagokion organismoekin lankidetzan arituko da, presoen eta errefuxiatuen osasun-arazoei irtenbidea emateko, eta bizimodu berrira egokitzen lagunduko die.


X. KAPITULUA

LANBIDEAREN ARAU KOMUNAK

52. artikulua

Erizainak giza duintasuna eta gaixo bakoitzaren ezaugarri bereziak errespetatuko ditu, eta ez du inolako bereizketarik egingo, haien egoera soziala edo ekonomikoa, ezaugarri pertsonalak edo osasun-arazoa edozein direla ere. Erizainak emandako zaintza gaixoen beharren araberakoa izango da.

53. artikulua

Giza eskubideak zaintzea izango da erizainaren funtsezko erantzukizuna eta bere zainketa behar duten pertsonei emango die arreta.

54. artikulua

Erizainak gaixoa babesteko neurriak hartu behar ditu, besteren batek tratamendua arriskuan jartzen badu edo jar badezake.

55. artikulua

Erizainak gaixoaren eskubideak defendatu behar ditu, jasan ditzakeen tratu txar fisikoen edo mentalen kontra eta, halaber, aurka egingo die tratamendu hutsalei eta gaixoari arreta jasotzeari uko egin nahi dionari.

56. artikulua

Erizainak bere gain hartzen ditu lan egitean bere kabuz hartu beharreko erabaki guztien erantzukizuna.

57. artikulua

Erizainak erantzukizunez eta eraginkortasunez lan egin behar du, bere jarduera-eremua edozein dela ere.

58. artikulua

Erizainak ez du bere eskumenetik kanpoko erantzukizunik hartu behar, bere eginkizuna betetzeari kalte egiten badio.

59. artikulua

Erizainak ezingo dizkio betebeharrak osasun-taldeko beste kide bati eskuordetu, eginkizuna haren funtzioetatik kanpo badago eta hori egiteko prestakuntzarik ez badu.

60. artikulua

Erizainaren erantzukizuna da bere ezagutza pertsonalak etengabe eguneratzea, gaixoen osasuna edo bizitza kalte dezaketen jarduerak ekidite aldera.

61. artikulua

Erizainak nahitaez salatu beharko ditu osasun-taldeko beste kide batzuek gaixoarekin izandako jarrera negatiboak. Ezin da bere lanaren betebeharrak nahita eta erruz deskuidatzen dituzten pertsonen konplize izan.

62. artikulua

Beste lankide batzuekin eta gainontzeko profesionalekin dituen harremanetan, elkarrenganako adeitasuna eta bakoitzaren funtzioekiko errespetua izango dira oinarria.

63. artikulua

Gaixoei emandako zerbitzua hobetzeko helburuz, erizainak arduraz lagunduko die osasun-taldeko gainontzeko kideei. Bakoitzaren eskumenak errespetatuko ditu beti, baina ez du onartuko inork ken diezaiola lanbide-autonomia.

64. artikulua

Erizainak osasun-taldeko kideei laguntza eskatuko die behar den guztietan, kalitate oneko zerbitzua bermatze aldera.

65. artikulua

Erizainaren betebeharra da lankideei bere ezagutzen eta esperientzien berri ematea, gaixoen zerbitzua hobetzen eta lanbidea indartzen lagun dezaketen heinean.

66. artikulua

Erizaina heziketa onez eta kortesiaz arituko da beti mendekoekin, nagusiekin, lankideekin eta beste osasun-profesional batzuekin tratatzerakoan.

67. artikulua

Lankideenganako harremanetan, ez du inoiz bidegabeko lehiarik egingo, ezta gezurrezko publizitaterik ere, bezeroak lortzeko. Erizainak ohoretzat joko du kideek dei egin diezaiotela, haiek edo gertuko senideak zaintzeko. Ohiko araua da egoera horietan ordainsaririk ez eskatzea, egindako jarduerengatik.

68. artikulua

Erizainak ez du bezero baten ardura hartuko beste kide batek arreta ematen badio, kide horren aurretiazko baimen espresa ez badu, arrazoizko kausak ematen direnean eta larrialdi-kasuetan izan ezik.


XI KAPITULUA

ERIZAINTZAREN HEZKUNTZA ETA IKERKETA

69. artikulua

Erizainak ezagutza eta gaitasun zientifikoak izateaz aparte, horiek praktikara eramateko prest egon beharko du, Lex Artisaren uneko jardunbide egokiei jarraiki.

70. artikulua

Erizaina etengabean eguneratuta egoteko beharraren jakitun izango da eta horretarako, hezkuntza iraunkorra jaso eta lanbidearen oinarrizko ezagutzak garatu beharko ditu.

71. artikulua

Erizainak bere ikaskuntza-beharrak baloratu behar ditu, eta baliabide egokiak bilatzeko eta bere prestakuntza gidatzeko gai izan behar du.

72. artikulua

Erizainak bere gain hartu behar du erizaintza-hezkuntzaren erantzukizuna, banaka nahiz taldeka, maila guztietan.

73. artikulua

Erizaina sistematikoki ikertzen eta lanbidearen oinarrizko ezagutzak areagotzen saiatuko da, jardunbide okerrak baztertzeko eta erizaintza-zainketak hobetze aldera.

74. artikulua

Ikerkuntzan parte hartzen duen erizainaren betebeharra da ikerketa-xede diren izakien bizitza, osasuna eta intimitatea zaintzea, bidegabeko arrisku fisikorik edo moralik jasan ez dezaten ikerkuntzek iraun bitartean.

75. artikulua

Erizainak aintzat hartu behar ditu Helsinkiko aitorpenak sustatutako oinarriak eta argitalpen zientifikoaren etika arautzen duten irizpideak, ikerlan batean parte hartzen duenean ikerlari, ikerketa-laguntzaile edo ikerketa-emaitzak kritikoki baloratzen dituen aditu gisa.


XII. KAPITULUA

LAN-BALDINTZAK

76. artikulua

Osasun-administrazioan edo osasun-zentroetan erantzukizunezko lanpostuak edo lanpostu garrantzitsuak dituzten erizainek zuzentasunez tratatu beharko dituzte lankideak uneoro, elkarren artean desadostasunak ematen badira ere.

77. artikulua

Erizainek gaixoaren arreta eta langileen asebetetzea errespetatzen dituzten lan-baldintzak bermatzeko eta mantentzeko lan egin behar dute.

78. artikulua

Lan-gatazkak eta lanbide-zerbitzuen lanuzte antolatuak ematen direnean, erizainak gogoan izan behar du bere lehenengo erantzukizuna gaixoen interesei erantzutea dela.

79. artikulua

Lan-gatazka batean parte hartzen duen erizainak hartutako neurriak koordinatu eta jakinarazi behar ditu, gaixoek behar dituzten zainketen jarraipena bermatzeko.

80. artikulua

Erizainak antzematen badu osasun-erakunde publikoetan edo pribatuetan gabeziak daudela eta kargura dituen gaixoen osasuna edo errehabilitazioa kalte dezaketela, Elkargoari jakinarazi behar dio, behar diren neurriak har ditzan. Elkargoak, kasuaren larritasunak hala eskatzen badu, Kontseilu Orokorrari jakinaraziko dio, Estatu mailan, behar diren jarduerak burutu ditzan organismo eskudunen aurrean eta behar diren jarraibideak eman ditzan gaixoak eta erizainak behar bezala babesteko.


XIII. KAPITULUA

ERIZAINEN PARTE-HARTZEA OSASUN PLANGINTZAN

81. artikulua

Erizaintza-langileek Osasun Plangintzan parte hartuko dute:

1. Elkargoen Kontseilu Orokorren bidez, ezarritako arauei eta xedapenei dagokienez.

2. Erizainen bidez, planak gauzatzean edo tokiko programa zehatzak egitean.

82. artikulua

Erizainak estatuko, erkidegoko edo probintziako osasun-politikak erabakitzen dituzten plangintza-batzordeetan eta administrazio-kontseiluetan parte hartu behar du, Kontseilu Orokorraren, elkargoko-taldeen edo elkargoen bitartez.

83. artikulua

Erizaina osasun-arretaren partaide aditua da, eta erizaintzako zerbitzuen arduraduna da.

84. artikulua

Erizainek modu aktiboan parte hartzen saiatuko dira osasun-sistema nazional osoan eta autonomia-erkidegoetako eta estatuko toki-erakundeetan, banakako gisa eta jarduera korporatiboak alde batera utzita.

Azken artikulua

Kontseilu Orokorrak Kode Deontologikoa eguneratuta eduki behar du, eta hala dagokionean, artikulu berriak edo aldatu diren testuak argitaratuko ditu.


ARAU OSAGARRIAK

Lehena

Talde-ekintzaren bitartez, hobeto zehazten dira erizaintza zerbitzuak eta kalitate-kontrol eraginkorragoa egiten da. Beraz, Erizaintzako Kontseilu Orokorrak bere gain hartzen du lanbide-autonomia babesteko eta lan-baldintzen kontrola autoarautzeko erantzukizuna, eta lanbidearen estandar etikoak egunean mantendu behar ditu.

Bigarrena

Erizaintzako Kontseilu Orokorrak eta Lanbide Elkargoek etengabe zaindu behar dituzte erizaintzako langileen eta haien zaintzak jasotzen dituzten pertsonen beharrak eta interes legitimoak.

Hirugarrena

Erizaintzako Kontseilu Orokorrak eta Lanbide Elkargoek jarrera irekia izan behar dute lanbidean dauden korronte ezberdinekin, herritarren osasun-arretaren eta zainketen kalitatearen onerako betiere.

Laugarrena

Lankideen arteko errespetua eta harmonia bermatzeko, funtsezkoa da Erizaintzako Kontseilu Orokorraren, Lanbide Elkargoen eta erizaintzako bestelako elkarteen artean komunikazioa eta etengabeko lankidetza egotea.

Bosgarrena

Espainiako Erizaintzako Kontseilu Orokorrak bere gain hartzen du lanbidearen balio etikoak zaintzeko erantzukizuna, dagozkion ekintzak arbitratuz.

Seigarrena

Espainiako Erizaintza Elkargoko Erakundearen arduradun guztiek, Gobernu Batzarretako, Probintzia Elkargoetako, Batzorde Autonomikoetako edo orain dauden edo sortu daitezkeen antzeko mailako organoetako kideek, Kontseilu Orokorreko osoko bilkurak, eta, azken finean, Elkargoko Erakundean hautazko edo izendapeneko karguren bat duten pertsonek beren eskumenen barruan bete eta betearazi behar dituzte Kode honetan eta Erizaintzako araudi orokorrean eta haren Elkargoko Erakundean jasotako arauak.

Horrenbestez, ekainaren 29ko 1856/78 Errege Dekretuaren 57. artikuluko a) eta c) atalak eta 58. artikuluko a) atala betez, diziplina-erantzukizuna izango dute falta, urratze edo arduragabekeria baten ondorioz beren funtzioak betetzean Kode honen xedapenen edo etikaren edo deontologiaren arabera nahitaez bete beharreko edozein arau hausten dutenek, edo, beren abstentzioarekin edo urratzeekin, beste batzuek hala egin dezaten onartzen dutenek, eskura dituzten legezko neurriak betearazi gabe, Erizaintzaren arau eta agindu etikoen eta deontologikoen defentsan.

 

Eremu Pribatua

Cookien politika

Webgune honek cookie teknikoak eta publizitarioak erabiltzen ditu, bai bereak eta baita hirugarrenenak ere, konexio eta / edo gailuko datuak prozesatzen dituztenak, baita arakatze ohiturak arakatzea errazteko eta publizitatea pertsonalizatzeko ere. Gogoan izan, baztertzen badituzu, ezin izango dituzula webgunearen funtzionalitate guztiak erabili.